
Lan honek lankidetza publiko-pribatuen auzia jorratu nahi du, ikuspegi teoriko zein enpirikotik, ekonomia sozialeko erakundeen parte-hartzea barne hartzen duten egitura partenarialen bidez. PPP deritzen lankidetza publiko-pribatuen mekanismoak hedatzen dituen nagusitasun neoliberalak markatutako testuinguru instituzionaletik abiatuta, aztertu nahi da ekonomia sozialeko erakundeak nola hasten diren logika partenarial horien parte izaten, zein lankidetza-logikaren pean eta zein emaitzarekin.
Ikerketa honen azken helburua da, plano teoriko eta enpirikotik, ekonomia sozialeko erakundeak PPP horien konfigurazioan sartzeak izaera erradikaleko berrikuntza instituzionala dakarren ala ez aztertzea; izan ere, erakunde horiek zenbait zerbitzu publikoren horniduran modu positiboan eragiten badute, eraginkortasun handiagoz eta une oro interes orokorraren betetzea bermatuz, berrikuntza hori gertatzen dela pentsa daiteke. Azterlan hau gidatzen duen hipotesia da ekonomia sozialeko erakundeak ekonomia publikoaren aliatu naturalak izan litezkeela; izan ere, interes mutualean oinarritutako egiturak dira, eta, gainera, modu positiboan eragiten dute interes orokorrean, zerbitzu publiko orok une oro zaindu behar duen horretan.