Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutua, diziplina ezberdinetatik gatozen ikerlariez osatutako UPV/EHUko Unibertsitate Institutua da.
Horretarako, GEZKIren jarduera ardatzak lau esparru nagusitan laburbiltzen dira: ikerkuntza, prestakuntza, hedapena eta interkooperazioa.
Ikerkuntzaren alorrean, GEZKI Institutuak kanpo finantzazioaren bitartez bideratzen diren ikerketa egitasmoetan parte hartzen du, lidergoa eramanez edo beste erakundeekin lankidetzan. Ikerketa egitasmo horietan GEZKIk bere 5 ikerketa lerro nagusietan jorratzen dituen ikergaiak aztertzen dira: langileen parte hartzea, gizarte berrikuntza, gobernantza eta zuzenbidea, politika publikoak eta nazioarteratzea. 5 lerro nagusi horiez gain, GEZKIk Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiaren (OVES/GEEB) egitasmoa zuzentzen du, zeina Euskadiko Autonomi Erkidegoko gizarte ekonomiaren behaketaz arduratzen baita nagusiki.
Prestakuntzaren alorrean, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Unibertsitate Master ofizialaren arduradun da GEZKI. Master hau UPV/EHUko beste zenbait organorekin lankidetzan antolatu du Institutuak, hain zuzen ere: Hegoa Institutua, Lan-Harremanen Unibertsitate Eskola, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibetsitate Eskola, Ekonomia Aplikatua I Saila, eta Enpresa Zuzenbidea Saila.
Hedapenari dagokionez, GEZKIk urtero antolatzen dituen topaketa, mintegi, jardunaldi, eta Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkaria (GIZAEKOA- Revista Vasca de Economía Social) dira hedapen lanabes nagusiak. Aldizkari honetan gizarte ekonomiaren esparruko profesional eta ikerlarien artikulu zientifikoak argitaratzen dira urtero ale bana edo bitan, eta Latindex datu basearen 33 irizpide onartuak ditu dagoeneko.
Interkooperazioaren esparruan, GEZKIk Euskal Herriko zein nazioarteko sare publiko, pribatu zein akademikoetan hartzen du parte. Harreman estua mantentzen du Euskal Herriko gizarte ekonomiako erakundeekin (Konfekoop, Asle, Ehlabe, Gizatea, Reas-Euskadi); baita gure lurraldeko erakunde publiko (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak), eta unibertsitateekin (batez ere, Mondragon Unibertsitateko Lanki eta MIK Institutuekin, Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuarekin, UPNArekin); eta baita nazioarteko ikerketa sare hainbatekin (Ciriec-International, Enuies, Rulescoop, EMES network, etab.).